Zergatik mendiak igo? 2008 Urria 13
Posted by potto in Iritzia, Paranoiak.add a comment
Hauxe da galderarik sakonena eta aldi berean inozoena. Askok “la pregunta del millon” kontsideratzen dute, baina ez dut uste hainbeste merezi duenik.
Galdera honen aurrean George Mallory mendizale inglesak eman daitekeen erantzunik inozoena eman zuen: “hortxe daudelako”. Hala ere erantzun hau onenan omen dela diote adituek. Egia da bakoitzak gure iritzia dugula, eta Malloryk berea zuen bezala, nik nirea dut.
Mendietara zergatik igotzen garen erantzutea zaila da eta erantzunak pertsonak bezain anitzak izan daitezke. Malloryren erantzun sinpletik abiatu eta gizakiak garai batean zuen naturaren parte izaten jarraitzeko desira horretan amaituz. Ni neu azken honetatik gertuago nagoela uste dut.
Hala ere, mendira igotzea ez da bakarrik igotzea. Jeitsi egin behar da gero. Eta orduan erantzuna zailago bihurtzen da. Zergatik igo? Gero jeisteko? Galdera inozoa hau ere (zertarako jaio? Gero hiltzeko?). Erantzun on bat bilatzea zaila da, eta bakoitzak berea du ere kasu honetan, horregatik, ni, nireak ez diren hitz batzuetan oinarrituko naiz:
“¿Qué se verá desde el techo?”,
dijo la voz de lo extraño
y sin meditar el trecho
le puse afán al peldaño.
La brisa me acompañaba
en el ascenso del alma,
y mi camisa volaba
junto al sinsonte y la palma
Y sucedió de repente
que, después de alimentarme
con la visión diferente,
sólo quedaba bajarme.
La escalera (Silvio Rodriguez) (Zatiak)
Udara zurian 2008 Iraila 16
Posted by potto in Paranoiak.1 comment so far
Ez. Ez du esan nahi udara elurretan eman dugunik. Ez. Udara zurian eman dugu, kirolari batek sasoi osoa zurian ematen duen bezala, deus ere egin gabe.
Lana, eguraldia, kezkak… mila arrazoi egon daitezke errealitate bakar bat adierazteko. Aurten mendira joaterik ez dugu izan. Plan guztiak aurretik prestatu arren, bertan geratu dira, koadernoan (lagun batek esango lukeen moduan, “en la carpeta de los preyectos”). Eskerrak monoa kentzeko Moncayora egin genuela osteratxoa. Orain udazkena aprobetxtu behar.
Hirugarrenean, aidanez 2008 Maiatza 13
Posted by potto in Igoerak.add a comment
Bai. Azkenik, pare bat alditan ekaitzagatik toki berean buelta eman eta gero, Dulantz mendira igotzea lortu genuen. Egon zen beste saiakera moduko bat Aste Santuan ere, baina elurra ari zuenez, hartan ere ez genion bideari ekin. Baina oraingoan bai!
Lizarratik Lizarraga portura igotzen, bide erdian zegoen Zunbeltz bordaren ondoan hasita, bidea baso batean sartzen da, pista moduko batetik. Ordu erdira, langa bat pasa eta Irantzutik datorren bidearekin bat egiten du. Eskuinera hartu eta pista berri horretatik goiko larreetara iristen da bidea. Hemendik aurrera PR-ko marka zuri-horiak jarraitzea bestrik ez dago, gailurra begi aurrean azaltzen zaigularik. Dena den, kontuz hainbat gidek esaten dutenarekin. Larre horietara iritsitakoan, ez pasa burdinezko ate handitik, horko bideak beste norabaitera eramaten baitu, eta ez gailurrera.
Babestutako guneekin kontuz! 2008 Apirila 22
Posted by potto in Iritzia.add a comment
Geroz eta gehiago dira babesten diren gune naturalak. Orokorrean, gune hauek eskaintzen duten aberastasunagatik (fauna eta flora) babesten dira. Egia da, geroz eta kutsadura gehiago dagoen mundu honetan, hainbat txoko gizakiaren hatzapar suntsitzaileetatik babestu behar direla, baina honek badu ere alderdi arriskutsu bat. Alderdi hau mendizaletasunarekin erlazio du.
Babestutako gune hauetako asko, lekuan-lekuko turismo bulegoengatik promozionatuak izaten dira, erreklamo gisa. Horretarako bideak prestatu eta txukuntzen dira eta hainbat azpiegitura antolatzen dira. Nire ustez, horrek kontrako efektua du, ustez babestutako eremu horiek jendez betetzen direlako. Eta hor dago arazoa, masifikazioan, hain zuzen ere.
Turismoa omen da gizaki guztiok egin beharreko derrigorrezko ekintza. Badirudi turismoa egiten ez badugu, bigarren mailako pertsonak garela. Horri azken moda gehitu behar zaio: ekoturismoa delakoa. Orain, nekazal-turismo etxe batera ez bagoaz edo munduaren azken muturrean galduta dagoen paraje natural “harrigarri” horretara ez bagoaz, ez omen gara ezer.
Aste Santu honetan Urederra ibaiaren iturburura egin genuen txangoa. Goiz abiatu ginen, ohi dugun bezala, eguna aprobetxatzeko eta jendeaz ihes egiteko. Oso ondo joan ginen, baina itzultzerakoan beste dimentsio paralelo batean sartu ginen. Hitz gutxitan esateko, ia bazkaltzeko ordua zen une horretan jendetza zihoan goranzko norabidean. Orduarekin ez naiz sartuko, hori bakoitzak ikusiko du, baina esan beharra dago batzuk ingurune natural batean ibiltzeko arropak ez zituztela, are gehiago, igandeko arropa panpoxekin sartzen ari ziren, takoneko zapata eta guzti! Babestutako gune horretan jendetza zegoen, garrasika batzuk, musika aparatuekin beste batzuk, umeen kotxezitoekin besteren bat…eta segizio horren atzean, basozaina jendetza horrek guztiak utzitako zikinkeria jasotzen. Oso momentu burgesa izan zen.
Eta hori guztia babestutako gune batean. Zergatik? Horregatik, babestuta egoteaz gain guztiz promozionatuta dagoelako, jolas parke bat bezala. Eta berdina gertatzen da beste hainbat guneetan, Ordesan bezala. Beraz, mesedez, ez ditzatela gune gehiago babestu, eta hala egitekotan, ez dezatela erabakia publikoa egin!!!
Eta hirugarren hilera berpiztu zen… 2008 Apirila 21
Posted by potto in Sailkatugabeak.1 comment so far
Dena igande goiz batean hasi zen. Lokartu zen auto gidari batek aurretik eraman eta sekulako kolpea eman zion. Zauriak sendatzera eraman zuten, baina beragatik ez zuten ezer ematen. Bazirudien betirako bereak eginda zuela. Momentu hunkigarri haietan sentimenduak anitzak izan ziren: pena, ezinegona, gorrotoa… Urte luze hoietan berarekin bizi izandako une pozgarriak bueltatzen ziren behin eta berriz nire burura. Beti egon izan zen prest edonora joateko, bidea zaila, luzea edo neketsua bazen ere. Oso zaila egiten zitzaidan hainbeste denboran ondoan edukitakoa agurtzea, batez ere gertakari inozo baten ondoren. Utziko zuen hutsunea beteezina ez bazen ere, zaila egiten zitzaidan beste abentura kide berri bat hautatzea. Hala ere ez nuen inoiz esperantza galdu eta hainbat ahalegin eta buelta pila bat eman ondoren, azkenik, hiru hilabete eta gero, autoa berrio ere konponduta daukat eta itxura ezin hobea du. Prest gaude berriro ere mendi irteerak elkarrekin egiteko.
Mendietako bide prestatuak 2008 Otsaila 26
Posted by potto in Iritzia.add a comment
Azken urteetan pertsona ezinduen irisgarritasunaren inguruan aurrera pausu garrantzitsuak eman direla ezin da ukatu. Aurrerapen hauek pertsona hauen bizi kalitatea hobetu dute eta hain desiragarria den nolabaiteko berdintasun batera eraman gaituzte denok. Baina berdintasunaren ideia ondo dagoenik ukatu gabe, neurri batean utopia bat dela iruditzen zait ere.
Irisgarritasunaren ideiara itzulita, hainbat tokitan ezindu fisikoek arazorik izan ez dezaten, bideak moldatu egin dira. Herri eta hiriguneetan oztopo arkitektonikoak deritzenak murriztuz doaz eta hori ondo dago. Baina gune naturaletan horrelako eraldaketak egitea ez dut begi onez ikusten. Gutako asko ikusi ditugu Aiguestortes eta Santa Maurici Parke Nazionalean aspaldian jarritako pasarela modu horiek, gurpildun aulkiak bertatik igaro ahal izateko. Eta nik galdetzen dut, hori egokia al da? Zera esan nahi dut, edozein tokira iristeko edozer gauza egitea bidezkoa al da? Egia da gurpildun aulki batean dagoenak ezin dituela gainontzeko pertsonok gozatu ditzakegun parajeak gozatu. Baina nik ere ezin dut beste hainbat tokira joan (K-2ra adibidez). Gauza da bakoitzaren mugak non dauden onartzea eta horrekin bizitzen ikastea.
Kontraesana dirudi komentario hau hezitzaile baten ahotik ateratzea, finean, nire lana ikasle guztiei aukera berdinak eskaintzea eta bakoitzaren beharretara doitzea baita. Baina hezkuntza gauza bat da eta ingurunearekiko izan behar den errespetua beste bat.
Ildo horretan, Huescako diputazioak 131.00 €-ko aurrekontu bat eskaini du bertako hainbat bide moldatzeko. Beste behin ere interes turistikoak interes ekologikoen gainetik jartzen dira, beste batzuen beharrak aitzaki bezala irabiliz. Eta hola goaz…
Behintzat, Ordesako Parke Nazionalean ezinduentzako aulki bereziak jarri dituzte beharra duten pertsonen eskura. Alternatiba hau egokiena iruditzen zait, edozein txokora iristeko ingurunea desitxuratu behar ez delako eta aulkia bultzatzen duenaren indarren araberan egongo delako urrutira iristea edo ez.
Agur t´erdi! 2008 Otsaila 14
Posted by potto in Sailkatugabeak.1 comment so far
Ongi etorriak blog honetara! Honen helburua mendiaren inguruan ematen diren notizien berri ematea, hainbat artikulu kritiko idaztea, irteeren berri ematea… izango da.
Mendira igotzea gustuko dugunok badakigu zer den gailur batera iristea. Bertatik dugun ikuspegia ederra izaten da eta esfortzuan gastatutako indarrek bere saria jasotzen dute eta bihotza betetzen zaigu. Bertatik paisaia osoa dugu gure oinpean. Harro gaude. Munduko errege sentitzen gara. Baina bizitza honetan xumeagoa izan behar da. Ondo dago gailurretik behera begiratzea, baina mendiari behetik gora begiratzen badiogu gure ikuspegia aldatzen da. Eta ikuspegi ezberdinetaz jabetzea garrantzitsua da. Hortik, beraz, blog honen izena, Gailurrei Begira, batzutan gure txikitasunaz ohartzea ezinbestekoa delako natura ulertzeko…