Mendietako bide prestatuak 2008 Otsaila 26
Posted by potto in Iritzia.add a comment
Azken urteetan pertsona ezinduen irisgarritasunaren inguruan aurrera pausu garrantzitsuak eman direla ezin da ukatu. Aurrerapen hauek pertsona hauen bizi kalitatea hobetu dute eta hain desiragarria den nolabaiteko berdintasun batera eraman gaituzte denok. Baina berdintasunaren ideia ondo dagoenik ukatu gabe, neurri batean utopia bat dela iruditzen zait ere.
Irisgarritasunaren ideiara itzulita, hainbat tokitan ezindu fisikoek arazorik izan ez dezaten, bideak moldatu egin dira. Herri eta hiriguneetan oztopo arkitektonikoak deritzenak murriztuz doaz eta hori ondo dago. Baina gune naturaletan horrelako eraldaketak egitea ez dut begi onez ikusten. Gutako asko ikusi ditugu Aiguestortes eta Santa Maurici Parke Nazionalean aspaldian jarritako pasarela modu horiek, gurpildun aulkiak bertatik igaro ahal izateko. Eta nik galdetzen dut, hori egokia al da? Zera esan nahi dut, edozein tokira iristeko edozer gauza egitea bidezkoa al da? Egia da gurpildun aulki batean dagoenak ezin dituela gainontzeko pertsonok gozatu ditzakegun parajeak gozatu. Baina nik ere ezin dut beste hainbat tokira joan (K-2ra adibidez). Gauza da bakoitzaren mugak non dauden onartzea eta horrekin bizitzen ikastea.
Kontraesana dirudi komentario hau hezitzaile baten ahotik ateratzea, finean, nire lana ikasle guztiei aukera berdinak eskaintzea eta bakoitzaren beharretara doitzea baita. Baina hezkuntza gauza bat da eta ingurunearekiko izan behar den errespetua beste bat.
Ildo horretan, Huescako diputazioak 131.00 €-ko aurrekontu bat eskaini du bertako hainbat bide moldatzeko. Beste behin ere interes turistikoak interes ekologikoen gainetik jartzen dira, beste batzuen beharrak aitzaki bezala irabiliz. Eta hola goaz…
Behintzat, Ordesako Parke Nazionalean ezinduentzako aulki bereziak jarri dituzte beharra duten pertsonen eskura. Alternatiba hau egokiena iruditzen zait, edozein txokora iristeko ingurunea desitxuratu behar ez delako eta aulkia bultzatzen duenaren indarren araberan egongo delako urrutira iristea edo ez.
Agur t´erdi! 2008 Otsaila 14
Posted by potto in Sailkatugabeak.1 comment so far
Ongi etorriak blog honetara! Honen helburua mendiaren inguruan ematen diren notizien berri ematea, hainbat artikulu kritiko idaztea, irteeren berri ematea… izango da.
Mendira igotzea gustuko dugunok badakigu zer den gailur batera iristea. Bertatik dugun ikuspegia ederra izaten da eta esfortzuan gastatutako indarrek bere saria jasotzen dute eta bihotza betetzen zaigu. Bertatik paisaia osoa dugu gure oinpean. Harro gaude. Munduko errege sentitzen gara. Baina bizitza honetan xumeagoa izan behar da. Ondo dago gailurretik behera begiratzea, baina mendiari behetik gora begiratzen badiogu gure ikuspegia aldatzen da. Eta ikuspegi ezberdinetaz jabetzea garrantzitsua da. Hortik, beraz, blog honen izena, Gailurrei Begira, batzutan gure txikitasunaz ohartzea ezinbestekoa delako natura ulertzeko…