jump to navigation

Babestutako guneekin kontuz! 2008 Apirila 22

Posted by potto in Iritzia.
add a comment

Geroz eta gehiago dira babesten diren gune naturalak. Orokorrean, gune hauek eskaintzen duten aberastasunagatik (fauna eta flora) babesten dira. Egia da, geroz eta kutsadura gehiago dagoen mundu honetan, hainbat txoko gizakiaren hatzapar suntsitzaileetatik babestu behar direla, baina honek badu ere alderdi arriskutsu bat. Alderdi hau mendizaletasunarekin erlazio du.

Babestutako gune hauetako asko, lekuan-lekuko turismo bulegoengatik promozionatuak izaten dira, erreklamo gisa. Horretarako bideak prestatu eta txukuntzen dira eta hainbat azpiegitura antolatzen dira. Nire ustez, horrek kontrako efektua du, ustez babestutako eremu horiek jendez betetzen direlako. Eta hor dago arazoa, masifikazioan, hain zuzen ere.

Turismoa omen da gizaki guztiok egin beharreko derrigorrezko ekintza. Badirudi turismoa egiten ez badugu, bigarren mailako pertsonak garela. Horri azken moda gehitu behar zaio: ekoturismoa delakoa. Orain, nekazal-turismo etxe batera ez bagoaz edo munduaren azken muturrean galduta dagoen paraje natural “harrigarri” horretara ez bagoaz, ez omen gara ezer.

Urederra1 Urederra2

Aste Santu honetan Urederra ibaiaren iturburura egin genuen txangoa. Goiz abiatu ginen, ohi dugun bezala, eguna aprobetxatzeko eta jendeaz ihes egiteko. Oso ondo joan ginen, baina itzultzerakoan beste dimentsio paralelo batean sartu ginen. Hitz gutxitan esateko, ia bazkaltzeko ordua zen une horretan jendetza zihoan goranzko norabidean. Orduarekin ez naiz sartuko, hori bakoitzak ikusiko du, baina esan beharra dago batzuk ingurune natural batean ibiltzeko arropak ez zituztela, are gehiago, igandeko arropa panpoxekin sartzen ari ziren, takoneko zapata eta guzti! Babestutako gune horretan jendetza zegoen, garrasika batzuk, musika aparatuekin beste batzuk, umeen kotxezitoekin besteren bat…eta segizio horren atzean, basozaina jendetza horrek guztiak utzitako zikinkeria jasotzen. Oso momentu burgesa izan zen.

Eta hori guztia babestutako gune batean. Zergatik? Horregatik, babestuta egoteaz gain guztiz promozionatuta dagoelako, jolas parke bat bezala. Eta berdina gertatzen da beste hainbat guneetan, Ordesan bezala. Beraz, mesedez, ez ditzatela gune gehiago babestu, eta hala egitekotan, ez dezatela erabakia publikoa egin!!!

Eta hirugarren hilera berpiztu zen… 2008 Apirila 21

Posted by potto in Sailkatugabeak.
1 comment so far

Dena igande goiz batean hasi zen. Lokartu zen auto gidari batek aurretik eraman eta sekulako kolpea eman zion. Zauriak sendatzera eraman zuten, baina beragatik ez zuten ezer ematen. Bazirudien betirako bereak eginda zuela. Momentu hunkigarri haietan sentimenduak anitzak izan ziren: pena, ezinegona, gorrotoa… Urte luze hoietan berarekin bizi izandako une pozgarriak bueltatzen ziren behin eta berriz nire burura. Beti egon izan zen prest edonora joateko, bidea zaila, luzea edo neketsua bazen ere. Oso zaila egiten zitzaidan hainbeste denboran ondoan edukitakoa agurtzea, batez ere gertakari inozo baten ondoren. Utziko zuen hutsunea beteezina ez bazen ere, zaila egiten zitzaidan beste abentura kide berri bat hautatzea. Hala ere ez nuen inoiz esperantza galdu eta hainbat ahalegin eta buelta pila bat eman ondoren, azkenik, hiru hilabete eta gero, autoa berrio ere konponduta daukat eta itxura ezin hobea du. Prest gaude berriro ere mendi irteerak elkarrekin egiteko.