Zergatik mendiak igo? 2008 Urria 13
Posted by potto in Iritzia, Paranoiak.add a comment
Hauxe da galderarik sakonena eta aldi berean inozoena. Askok “la pregunta del millon” kontsideratzen dute, baina ez dut uste hainbeste merezi duenik.
Galdera honen aurrean George Mallory mendizale inglesak eman daitekeen erantzunik inozoena eman zuen: “hortxe daudelako”. Hala ere erantzun hau onenan omen dela diote adituek. Egia da bakoitzak gure iritzia dugula, eta Malloryk berea zuen bezala, nik nirea dut.
Mendietara zergatik igotzen garen erantzutea zaila da eta erantzunak pertsonak bezain anitzak izan daitezke. Malloryren erantzun sinpletik abiatu eta gizakiak garai batean zuen naturaren parte izaten jarraitzeko desira horretan amaituz. Ni neu azken honetatik gertuago nagoela uste dut.
Hala ere, mendira igotzea ez da bakarrik igotzea. Jeitsi egin behar da gero. Eta orduan erantzuna zailago bihurtzen da. Zergatik igo? Gero jeisteko? Galdera inozoa hau ere (zertarako jaio? Gero hiltzeko?). Erantzun on bat bilatzea zaila da, eta bakoitzak berea du ere kasu honetan, horregatik, ni, nireak ez diren hitz batzuetan oinarrituko naiz:
“¿Qué se verá desde el techo?”,
dijo la voz de lo extraño
y sin meditar el trecho
le puse afán al peldaño.
La brisa me acompañaba
en el ascenso del alma,
y mi camisa volaba
junto al sinsonte y la palma
Y sucedió de repente
que, después de alimentarme
con la visión diferente,
sólo quedaba bajarme.
La escalera (Silvio Rodriguez) (Zatiak)
Babestutako guneekin kontuz! 2008 Apirila 22
Posted by potto in Iritzia.add a comment
Geroz eta gehiago dira babesten diren gune naturalak. Orokorrean, gune hauek eskaintzen duten aberastasunagatik (fauna eta flora) babesten dira. Egia da, geroz eta kutsadura gehiago dagoen mundu honetan, hainbat txoko gizakiaren hatzapar suntsitzaileetatik babestu behar direla, baina honek badu ere alderdi arriskutsu bat. Alderdi hau mendizaletasunarekin erlazio du.
Babestutako gune hauetako asko, lekuan-lekuko turismo bulegoengatik promozionatuak izaten dira, erreklamo gisa. Horretarako bideak prestatu eta txukuntzen dira eta hainbat azpiegitura antolatzen dira. Nire ustez, horrek kontrako efektua du, ustez babestutako eremu horiek jendez betetzen direlako. Eta hor dago arazoa, masifikazioan, hain zuzen ere.
Turismoa omen da gizaki guztiok egin beharreko derrigorrezko ekintza. Badirudi turismoa egiten ez badugu, bigarren mailako pertsonak garela. Horri azken moda gehitu behar zaio: ekoturismoa delakoa. Orain, nekazal-turismo etxe batera ez bagoaz edo munduaren azken muturrean galduta dagoen paraje natural “harrigarri” horretara ez bagoaz, ez omen gara ezer.
Aste Santu honetan Urederra ibaiaren iturburura egin genuen txangoa. Goiz abiatu ginen, ohi dugun bezala, eguna aprobetxatzeko eta jendeaz ihes egiteko. Oso ondo joan ginen, baina itzultzerakoan beste dimentsio paralelo batean sartu ginen. Hitz gutxitan esateko, ia bazkaltzeko ordua zen une horretan jendetza zihoan goranzko norabidean. Orduarekin ez naiz sartuko, hori bakoitzak ikusiko du, baina esan beharra dago batzuk ingurune natural batean ibiltzeko arropak ez zituztela, are gehiago, igandeko arropa panpoxekin sartzen ari ziren, takoneko zapata eta guzti! Babestutako gune horretan jendetza zegoen, garrasika batzuk, musika aparatuekin beste batzuk, umeen kotxezitoekin besteren bat…eta segizio horren atzean, basozaina jendetza horrek guztiak utzitako zikinkeria jasotzen. Oso momentu burgesa izan zen.
Eta hori guztia babestutako gune batean. Zergatik? Horregatik, babestuta egoteaz gain guztiz promozionatuta dagoelako, jolas parke bat bezala. Eta berdina gertatzen da beste hainbat guneetan, Ordesan bezala. Beraz, mesedez, ez ditzatela gune gehiago babestu, eta hala egitekotan, ez dezatela erabakia publikoa egin!!!
Mendietako bide prestatuak 2008 Otsaila 26
Posted by potto in Iritzia.add a comment
Azken urteetan pertsona ezinduen irisgarritasunaren inguruan aurrera pausu garrantzitsuak eman direla ezin da ukatu. Aurrerapen hauek pertsona hauen bizi kalitatea hobetu dute eta hain desiragarria den nolabaiteko berdintasun batera eraman gaituzte denok. Baina berdintasunaren ideia ondo dagoenik ukatu gabe, neurri batean utopia bat dela iruditzen zait ere.
Irisgarritasunaren ideiara itzulita, hainbat tokitan ezindu fisikoek arazorik izan ez dezaten, bideak moldatu egin dira. Herri eta hiriguneetan oztopo arkitektonikoak deritzenak murriztuz doaz eta hori ondo dago. Baina gune naturaletan horrelako eraldaketak egitea ez dut begi onez ikusten. Gutako asko ikusi ditugu Aiguestortes eta Santa Maurici Parke Nazionalean aspaldian jarritako pasarela modu horiek, gurpildun aulkiak bertatik igaro ahal izateko. Eta nik galdetzen dut, hori egokia al da? Zera esan nahi dut, edozein tokira iristeko edozer gauza egitea bidezkoa al da? Egia da gurpildun aulki batean dagoenak ezin dituela gainontzeko pertsonok gozatu ditzakegun parajeak gozatu. Baina nik ere ezin dut beste hainbat tokira joan (K-2ra adibidez). Gauza da bakoitzaren mugak non dauden onartzea eta horrekin bizitzen ikastea.
Kontraesana dirudi komentario hau hezitzaile baten ahotik ateratzea, finean, nire lana ikasle guztiei aukera berdinak eskaintzea eta bakoitzaren beharretara doitzea baita. Baina hezkuntza gauza bat da eta ingurunearekiko izan behar den errespetua beste bat.
Ildo horretan, Huescako diputazioak 131.00 €-ko aurrekontu bat eskaini du bertako hainbat bide moldatzeko. Beste behin ere interes turistikoak interes ekologikoen gainetik jartzen dira, beste batzuen beharrak aitzaki bezala irabiliz. Eta hola goaz…
Behintzat, Ordesako Parke Nazionalean ezinduentzako aulki bereziak jarri dituzte beharra duten pertsonen eskura. Alternatiba hau egokiena iruditzen zait, edozein txokora iristeko ingurunea desitxuratu behar ez delako eta aulkia bultzatzen duenaren indarren araberan egongo delako urrutira iristea edo ez.